
TTIRRIKI-TTARRAKA Egitasmoa
Neska-mutikoengan ohitura osasuntsuak sustatu bidenabar, ikastetxeetarako sarrera-orduan sortzen diren auto-pilaketak eta trafiko arazoak saihesteko asmoz, Tantirumairu ikastolako guraso batzordeak Ttirriki-Ttarraka egitasmoa martxan jarri du.
Egitasmoaren helburua, goizero ikastolara ahalik eta ikasle gehien oinez hurbiltzea da. Horretarako bi zutabe osatuko dituzte: Ttirriki, 08:40an Eltzetako plazan abiatu eta Bittiria, Erdiko Errota eta Plaza Zaharrean barna ikastolara 08:55ean ailegatuko dena; eta Ttarraka, Itturrunzubiko plazako iturrian 08:45ean gelditu eta Antoiu karrikan eta Eskol-Ttikin barna ikastolara joanen dena. Bietan gurasoren bat izanen da arduradun, baina ikasle bat izanen da taldeko gidaria, txandaka.

TTIRRIKI-TTARRAKA KANTUA
Zergatik kotxez bete
goizero Lesaka
ez dago hain urruti
begiratu mapa
gurekin baditugu
sasoiko bi hanka
lagunak ere bertan
joanen dira ta
goazen ikastolara
Ttirriki-ttarraka.
Bat da aintzineskua
bat da arduradun
aldatuko duguna
egunikan egun
Ttirriki Bittiritik
horiaren lagun
Ttarraka urdina da
biltzen da Antoiun
mundu berdeago bat
eraiki dezagun.